XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Narraztien egokitze-gaitasun horrek itsasoan inoiz existitu den izakirik berezienetako bat sortarazi zuen, Ictiosaurus (arrain sauru) deritzona, alegia.

Tiburoi antza zeukan animalia hau hiru etxebizitzako luzera izatera heldu zen, garai haietako itsas-munstro izugarri bihurtuz.

Animalia honen itxura xehetasun guztiekin jakitera heldu gara, harkaitz bituminosoetan banakoak osotasun ederrean aurkituak izan bait dira.

Sasiarrain itzel horiek hasera batetan, kostalde ondoan zeuden kontinenteen barneko itsasoak biztandu egin zituzten.

Baina denboraren poderioz eta beren itsas-ohiturak hobetu ahala, itsaso zabalera zabaldu ziren kostaldeko txoko ekologiko guztiak beteaz.

40 milioi urte iraungo duen garapen ebolutibo motel honetako azken fasean, narrazti hauek jadanik igerilari trebeak izango dira eta orduan itsas zabaletara hedatuko dute beren eragina, benetako itsas munstro bihurturik.

Iktiosauruen gorputzarra bi metrotako buru erraldoian bukatzen zen, honen muturra moko erara moldatuz.

Moko honen barailak 200 hortz zorrotz izatera heltzen ziren eta hortz bakoitzak gizakume baten buruaren tamaina izan zezakeen.

Iktiosauruak tiburoien antzeko bizkar eta isats-hegatsak zeuzkan.

Bularrazpiko hegatsetan oraindik jatorri narraztiarraren hatzaparren hezurrak antzeman daitezke, hatzapar horiek orain hegatsen funtzioa betetzen badute ere.

Isats-hegatsa zen animaliari indarra ematen ziona bere burua desplazatzeko eta bularrazpiko hegatzez oreka lortzen zuen egungo hegazkinen modura.

Animalia hau harrapakari izugarria zen.

Arrain eta oskoldunak barra-barra jango zituen.

Elikagai bila zebilenean itsas-sakonetan ere murgilduko zela dirudi.

Sakontasun horietan barrena ibili eta harrapakinak hobeto ikustearren begiak beti zabaldurik zeramatzan, eta orduan itsas-sakonetako presioak eraginda begiak urratu ez zitezen iktiosauruak zirkulu antzeko bi plaka hezurdun eratu zituen begi ahulen babes gisa.

Iktiosauruen ugalketa arraultzez moldatzen zen.